2007/03/12

Aurkezpena


Tea horrela hartu behar dela esan ohi da, ezaguna da kontua, ez dakit zergatik errepikatzen dudan: hiru zurrupadatan. Lehena garratza izan ohi da, bizitza bera den bezala. Bigarrena gozo egiten da, maitasuna egiten ohi den bezala. Hirugarrena leun suertatzen da, heriotza bera bezala.


Azken hiru urteetan idatzi, berridatzi eta berberridatzi ditudan poemak antolatzen ari nintzela oroitu nintzen teaz (nahiz kafeinomanoagoa naizen teinomanoa baino) eta liburuak sarreran duen poema idatzi nuen: Harrera. Gero Miguel Hernandezen poema hori topatu nuen, orrialde honen ezkerrean agertzen dena. Beranduago Bertolt Brechten poemaz akordatu nintzen, Mikel Laboak abesten zuena, orri honen goiko aldean agertzen dena.


Batzuetan hain ederra eta erraza izaten ohi da bizitza... Bat egiten dute bide guztiek eta, oharkabean, norabait iritsi zarela sentitzen duzu. Horrelako zerbait gertatu zitzaidan orduan. Poemok bizitzaz, maitasunaz eta heriotzaz zihardutela ohartu nintzen, bizitzari, maitasunari eta heriotzari buruzko nire gaurko ikuspegi oso samarra ematen zutela. Hortik izena ere, Edan Ase Arte (bide batez esanda, Brecht omentzeko modu bat ere badena), eta liburuaren sarrerako hitzak idatzi nituen: “Ase dezakeguna baino / egarri handiagoa daukagu. / Erantzun ditzakegunak baino/ galdera gehiago dauzkagu”. Eta hala ere, Edan Ase Arte, berresten dut.


Orduan antolatu nituen poemak hiru ataletan: Atari garratzak, Eskailera gozoak, Eskailburu leunak. Eta poemak atal horietan sartzen ahalegindu nintzen, tonuaren arabera, hau da, garraztasunaren, gozotasunaren eta leuntasunaren arabera. Batzuetan egoskor samarrak ateratzen zaizkit poemak, ordea, eta ez dute kutxa bakar batean sartu nahi izaten. Posible da asmatu ez izana. Baina halakoa da bizitza ere: saiatzen zara puzzlearen txatala behar ez duen lekuan sartzen eta, zure temaren arabera, sartu egiten da, sartuko baldin bada, azkenean.


Zentzu batean, jaiotzatik heriotzarako bidaia bat ere badago liburuan. Eta baita ataritik eskailburuetara igotzeko bide bat ere, goranzko bide bat (zeruren baten bila, agian? haize edo argi apur baten bila beti), erantzun ditzakegunak baino galdera gehiago dauzkagula jakin arren, ase dezakeguna baino egarri gehiago daukagula jakin arren. Eta edan ase arte, berresten dut.


Gero Irun Hiria olerki saria irabazi zuen poema bilduma horrek, neronek ere nola ez dakidala. Txusi proposatu nion jendaurreko emanaldiren bat prestatzea, edo zerbait egitea. Musikaren alor guztia hark atondu du, merituaren hiru laurdenak harenak dira, ikuskizunak inolako meriturik baldin badu. Leloturik egon naiz Txusekin entseguak egin ditudanean. Giro berezia sortzen du Txusen musikak.


Edan Ase Arte ikuskizun soila dela esango nuke, ahots bat eta akordeoi bat, bandoneoi bat eta ahots bat, bi lagun. Musika ere soila da, hitzak ere bai, hauskorra da ikuskizuna, bizitza bezala, heriotza bezala, maitasuna bezala... Hari fin batean dantzan eta saltoka dabiltza gure hotsak, gure bizitzak, taula gainean, alde batera edo bestera noiz eroriko, oreka gorde nahian, egarri amaigabe honentzako argi bila, ase arte edatea, edateko gogoa sekula ez galtzea baita, bizitzeko, maitatzeko eta hiltzeko irrika sekula ez galtzea baita.


1 comentario:

Unknown dijo...

Zorionak,eta aurrera (ase arte behintzat)!