2007/03/12

Aurkezpena


Tea horrela hartu behar dela esan ohi da, ezaguna da kontua, ez dakit zergatik errepikatzen dudan: hiru zurrupadatan. Lehena garratza izan ohi da, bizitza bera den bezala. Bigarrena gozo egiten da, maitasuna egiten ohi den bezala. Hirugarrena leun suertatzen da, heriotza bera bezala.


Azken hiru urteetan idatzi, berridatzi eta berberridatzi ditudan poemak antolatzen ari nintzela oroitu nintzen teaz (nahiz kafeinomanoagoa naizen teinomanoa baino) eta liburuak sarreran duen poema idatzi nuen: Harrera. Gero Miguel Hernandezen poema hori topatu nuen, orrialde honen ezkerrean agertzen dena. Beranduago Bertolt Brechten poemaz akordatu nintzen, Mikel Laboak abesten zuena, orri honen goiko aldean agertzen dena.


Batzuetan hain ederra eta erraza izaten ohi da bizitza... Bat egiten dute bide guztiek eta, oharkabean, norabait iritsi zarela sentitzen duzu. Horrelako zerbait gertatu zitzaidan orduan. Poemok bizitzaz, maitasunaz eta heriotzaz zihardutela ohartu nintzen, bizitzari, maitasunari eta heriotzari buruzko nire gaurko ikuspegi oso samarra ematen zutela. Hortik izena ere, Edan Ase Arte (bide batez esanda, Brecht omentzeko modu bat ere badena), eta liburuaren sarrerako hitzak idatzi nituen: “Ase dezakeguna baino / egarri handiagoa daukagu. / Erantzun ditzakegunak baino/ galdera gehiago dauzkagu”. Eta hala ere, Edan Ase Arte, berresten dut.


Orduan antolatu nituen poemak hiru ataletan: Atari garratzak, Eskailera gozoak, Eskailburu leunak. Eta poemak atal horietan sartzen ahalegindu nintzen, tonuaren arabera, hau da, garraztasunaren, gozotasunaren eta leuntasunaren arabera. Batzuetan egoskor samarrak ateratzen zaizkit poemak, ordea, eta ez dute kutxa bakar batean sartu nahi izaten. Posible da asmatu ez izana. Baina halakoa da bizitza ere: saiatzen zara puzzlearen txatala behar ez duen lekuan sartzen eta, zure temaren arabera, sartu egiten da, sartuko baldin bada, azkenean.


Zentzu batean, jaiotzatik heriotzarako bidaia bat ere badago liburuan. Eta baita ataritik eskailburuetara igotzeko bide bat ere, goranzko bide bat (zeruren baten bila, agian? haize edo argi apur baten bila beti), erantzun ditzakegunak baino galdera gehiago dauzkagula jakin arren, ase dezakeguna baino egarri gehiago daukagula jakin arren. Eta edan ase arte, berresten dut.


Gero Irun Hiria olerki saria irabazi zuen poema bilduma horrek, neronek ere nola ez dakidala. Txusi proposatu nion jendaurreko emanaldiren bat prestatzea, edo zerbait egitea. Musikaren alor guztia hark atondu du, merituaren hiru laurdenak harenak dira, ikuskizunak inolako meriturik baldin badu. Leloturik egon naiz Txusekin entseguak egin ditudanean. Giro berezia sortzen du Txusen musikak.


Edan Ase Arte ikuskizun soila dela esango nuke, ahots bat eta akordeoi bat, bandoneoi bat eta ahots bat, bi lagun. Musika ere soila da, hitzak ere bai, hauskorra da ikuskizuna, bizitza bezala, heriotza bezala, maitasuna bezala... Hari fin batean dantzan eta saltoka dabiltza gure hotsak, gure bizitzak, taula gainean, alde batera edo bestera noiz eroriko, oreka gorde nahian, egarri amaigabe honentzako argi bila, ase arte edatea, edateko gogoa sekula ez galtzea baita, bizitzeko, maitatzeko eta hiltzeko irrika sekula ez galtzea baita.


Argazkiak





































Entzun



Osotara berrogeita hamar bat minutuko ikuskizuna da eskaintzen duguna, hiru ataletan banatua. Atal horietako bakoitzeko zatitxo bana duzu hemen entzungai, hiru formatu ezberdinetan.



Atari garratzak ataleko demoa hemen (2:03):
mp3 (256 kbps),
mp3 (64 kbps),
ogg vorbis.


Lehendabiziko kantuak “Sion” izena du eta Hermeto Pascoal musikariarena da. Arapiraca-n jaioa eta mundu osoan ezaguna den artista poliinstrumentista da Pascoal. Nik kantu hau Toninho Ferragutti izeneko akordeoilari brasildar bati lapurtu nion, Iruñan eman zuen kontzertu batean. Oso deigarria egin zitzaidan bere estiloa eta brasildar musika tradizionala interpretatzeko bere modua, perkusio eta flauta lagun dituela. Konpositore eta musikari trebe hau tradiziotik abiatzen da bere kantuak egiteko, eta inprobisatzaile bikaina da gainera. Horretarako ondo ezagutzen dituen erritmoetatik abiatzen da: forro eta chamamea besteak beste.



Eskailera gozoak ataleko demoa hemen (2:27):
mp3 (256 kbps),
mp3 (64 kbps),
ogg vorbis.


Bigarren kantuak “Chiquilin” izena du eta Astor Piazzolla bandoneoi jole argentinarrarena da. Piazzolla AEBetara joan zen jazz ikasketak burutzera baina bertan irakasle zuenak beste norabide bat hartuarazi zion. Jazza alde batera utzi eta Argentinako tangoa oinarri hartuta bere ibilbidea hasi zuen, tango klasikoari beste forma eta armonia berriak ekarriz, nahiz honek Argentinako tangero klasikoen artean begirune handirik sortu ez. Haien ustez bere konposaketek ez zuten betiko tangoen esentzia. Hala ere mundu osoan ezaguna da Piazzolla, bai eta bere diskografia zabala ere. Mundu zabaleko edozein akordeoijoleren errepertorioan aurki dezakegu berak egindako konposizioren bat.



Eskailburu leunak ataleko demoa hemen (2:39):
mp3 (256 kbps),
mp3 (64 kbps),
ogg vorbis.


Hirugarren kantua “Sarau, o qué?” izenekoa da eta Carlinhos Antunes gitarrajole brasildarrarena da. Donostiako taberna batean zuzenean ikusteko aukera izan nuen. Astebetez izan ziren egunero bera eta beste gitarrajole brasildar handi bat, Filo Machado. Musikari trebe honekin solasteko aukera izan nuen eta umiltasun handiko gizona dela esan behar dut. Tango kutsuko kantu hau han bertan erosi nuen “Paisagem Bailarina” diskotik atera dut, eta kasualitatez kantu honetan entzuten den akordeoia Toninho Ferraguttirena dela deskubritu dut orain berri. Gurutzatu egiten diren bideak…



Kronikak





Urriaren 26ko Iñatzukoa


Maiatzaren 20ko Errenteriakoa


Maiatzaren 6ko Azkoitikoa


Otsailaren 22ko Hernanikoa




Hernanin, otsailaren 22an




Otsailaren 22an egin genuen estreinaldia Hernaniko Bodega tabernan, Hernaniko AEKren eskakizunez, Korrika Kulturalaren barruan. Bide batez, mila esker Hernaniko AEKkoei aukera paregabe hau eskaintzeagatik. Lagun eta ezagunen artean 50 bat arima bilduko ginen, despistaturen bat edo beste tartean zela, gaueko 22:06 aldera. Berandu hasi ginen, ia hamar eta erdiak zirela, ohitura sanoak ez galtzeko. Bat urduri eta bestea lasaixeago, agian horrek burua ez zeukalako tabernan edo irakurraldian bertan, agian laguna urduriago ikusten zuelako, ez da gauza jakina.



Hasi ginen, mantso egin behar genuela oroitaraziz geure buruari, bihotzaren erritmoan irakurri eta joz gero, hamar minutuan bukatuko genuelako... Hasi ginen, soil-soil, ikusizunak eskatzen digun bezala, hitz solte batzuekin, tabernako sabaitik hitzak pintzekin eskegitzen ariko bagina bezala. Jende gehiena espresuki errezitaldira joana bazen ere, arraroa izan zen, bat-batean halako sakontasuna, taberna batean, gaueko hamarretan... Gero lagun batzuk aitortuko zigutenez, eguneroko bizitzako erritmo basatiarekin kolpez jotzen zuen tabernako giroak, patxada eskatzen zuen, lasaitasuna, geldotasuna... Agian hasieran, errezitatzen baino, musikarekin hasi behar genukeela gogoetatu dugu, jendeari eguneroko bizitzaren anabasatik errezitaldira irristatzeko erraztasunik emateko.



Errezitaldiak aurrera egin zuen, zakur bati zapaldutako buztanak eta zakurraren ahuenak gora-behera, eta bukatu egin zen halako batean. Zoko batean zain zeuden Juanbau Erauskin eta Gorka Setien, “Laztañe” eta “Aparkalekuko felizidadia” poemarioak argitaratu dituzte, urrenez urren, batak eta besteak. Zorionak eta hitz goxoak. Gu biok urduri oraindik, lehen lerroko ikusleen erreakzioak neurtu ahal izan ditugun arren, atzekoak ilunpetan egon direlako eta ezin izan ditugulako ikusi.



Bakoitzak bere aldekoei kasu egin die, hau ezkontza moduko ospakizun bat dena emateko moduan. Oier Guillan gerturatu zaigu zoriontzera, ez dela erraza hain formatu soilarekin zerbait txukuna egitea eta gustora egon direla, Oreretara joan gaitezkeela agian, ikusiko dugula... Familiari kasu egin: ama, izeba, lehengusua. Lehengusuak mugikorrarekin grabatu du saioa. Teknologia berriak. Joseba Tapia ere gustora egon omen da. Han atzean lagunak daude, zerbezak edaten. “Zer moduz?”. “Hainbeste heriotza ta hainbeste kontu, baña zer dek hau?”. Bromak. Ez da erraza etxean profeta izatea, zer egingo zaio? Joxan Goikoetxeak Txus zoriondu du, sekulako artista dela dio. Sekulako artista dela diot, bai.



Zerbeza pare bat hartu, lagunekin hizketatu, lehen balantzea egin dugu, gustora gaude, urduriegi hasieran, gero hobeto. Txusek atsedenaldi gehiago behar dituela antzeman dugu, ia ordubete jo ta fuego aritu da, gelditu gabe, orain akordeoia, orain bandoneoia astintzen. Tira, ikusiko dugu nola berrantolatu saioa, eman dugu lehen urratsa behintzat, hemendik aurrerakoak lasaiago. Blog bat osatu behar dugu lehenik, gero pixkana-pixkana. Trasteak jaso dituzte Pellok eta. Nik paper ziztrin batzuk baino ez dauzkat, han karpeta beltz hartan, dardo-jokoaren gainean ahaztuak. Harrigarria egiten zait pentsatzea paper ziztrin batzuk halako muntaia eragin dezaketenik. Hitz solte batzuk baino ez dira-eta...



Bodega tabernako jabea ere kontent dago, nahiz-eta esan ditudan guztiekin ez dagoela erabat ados ziurtatu didan. Ez dit esan zertan ez dagoen ados, ordea. Beste baterako utziko dugu eztabaida. Berandu da. Hala behar zuen, berandu hasiz gero. Ordu aproposa ordea hau, bizitzaz, maitasunaz eta heriotzaz aritzeko. Lastima bihar goiz jaiki behar dutenengatik eta etortzerik izan ez dutenengatik.




Agenda


Ekainaren 5ean, osteguna
gaueko 10:00etan
Urretxuko Zuhaizti tabernan.
Hordago Txikira, Lekaio kultur elkarteak antolaturik.





Maiatzaren 29an, osteguna
gaueko 10:00etan
Getariako Alondegian.





Abenduaren 3an, astelehenean
iluntzeko 8:00etan
Getariako Alondegian.





Azaroaren 27an, asteartean
iluntzeko 8:00etan
Getxoko Alday Patronatoan
(Getxoko Irakurzalearen Txokoak antolatua).





Urriaren 26an, ostirala
gaueko 10:30ean
Iñatzuko Ur-mia Soziedadean
(Iñatzuko Kultur Astearen barruan).





Maiatzaren 20an
arratsaldeko 8:00etan
Oreretako Mikelazulon
(poesiaren astearen barruan).





Maiatzaren 6an
arratsaldeko 7:30ean
Azkoitiko Matadeixen.





Otsailaren 22an
gaueko 10:00etan
Hernaniko Bodega tabernan, estreinaldia
(Korrika Kulturalaren barruan).



Mikel Peruarena Ansa



1978an jaio zen Ereñotzun, agiri ofizialek Donostian jaio zela eta Hernaniarra dela dioten arren. Kazetaritza ikasketak bukatu gabe utzi zituen (hala gustatzen zaio esatea, aukera duen bakoitzean, “egun, karrerarik edo titulurik gabe ezer ez garen garaiotan, gustatzen zaidak frakasatu eskolar bat naizela esatea, probokazio ttiki hori egitea, alegia, ikasketak ez bukatu izanaz harro nagoala esatea”), baina bide horrekin kontraesanean aplikazio informatikoen garapenerako teknikari ikasketak egin ditu geroztik.


Han-hemenka aritu da lanean, kazetaritzan gehienbat (bizitzaren ironiak), eta irratian bereziki, bere burua kazetaritzat aurkezteko gogorik ez duen arren, “kazetari lagun asko dizkiat eta lagun kazetariak ere bai, ez al zidatek gaizki hartuko, estimatzen diat, oro har, haien lana, baina ez diat estimatzen, modu konkretuen, gaurko kazetari-lana”. Gaur egun Euskal Idazle Elkartearentzat Testuketan irratsaioa egiten du, Xabier Gantzarainekin batera, astean behin, Herri Irratian.


Aresti eta Artzeren latigoaren eraginpean hasi zen poesia (“poesia-edo”, dio berak) idazten. Urruzuno sari bat irabazi zuen 1995ean, “txiripa hutsez”, eta funts handirik gabeko zenbait lan idatzi eta Susan argitaratzen saiatu eta ahalegindu ondoren, “nik uste bakean utz nitzan eskaini zidatela aukera”, Susaren webgunean zenbait poema eta istorio labur zintzilikatzea lortu zuen.


Harrezkero Eguraldiaz Hizketan izeneko poema liburua argitaratu zuen 2003an Elkarrekin. Zenbait literatur sari irabazi ditu, “hori aipatzeak garrantzirik baldin badik, eta nere patrikentzat eta kafeentzat badik behintzat”, horien artean 2006ko Irun Hiria olerki saria. Sari horren karietara argitaratu zuen Kutxa Fundazioak Edan Ase Arte poema liburua 2006 urtean, Txus Aranbururekin abiatu duen proiektuaren oinarrian dagoen poema bilduma, alegia.


Txus Aranburu



Imanol Kamiorekin hasi zituen akordeoi eta piano ikasketak, gero Juan Crisostomo Arriagan burutu zituen goi mailako ikasketak. Musika klasikoaren bidean hainbat sari jaso zituen, Montpelier eta Arrasateko txapelketetan, adibidez. Ez daki nola adierazi beste ibilbide edo eragin batzuk ere izan dituela mundu klasikotik aparte, “eskola klasikoak gauza gutxi erakutsi zidak nik orain hartutako bidean; inprobisazioan, musika modernoan, zer esanik ez musika tradizionalean”.


Kezkak ditu Txusek: “Eskola klasikoan jasotako formazioa hankamotz gelditzen duk musikari batek aurkituko duen errealitate musikaletik, beste kontzeptu desberdin bat eskeintzen dik, teknikan eta interpretazioan oinarritua. Esango nikek gure kultura musikaletik urrundu gaituela edo munduko hainbat musikaz gozatzeko ateak itxi dizkigula.


Europear musika, mundu zabaleko gainontzekoetatik ezarri egiten duk, eta gutxietsi eta baztertu egiten dizkik besteak, balio teknikoa eta estetikoa aitzakitzat hartuta. Ez duk normala XVIII. mendetik aurrerako autoreen bizitza eta obra guztia ezagutzea eta interpretatzea, eta euskal musikaren ezagutza txiki baten berri ere ez ematea.


Petrolioaren borroka balitz bezala, lurralde aberatsek bere instrumentuak martxan jarriko dizkitek bere kultura munduan zehar zabaltzeko eta besteetatik gailentzeko: Amerikako Estatu Batuetako jazzaren fenomenoa adibide bat duk. Mundu guztian erreferente duk jazza, baina ez ordea musika indua edo afrikarra.


Azkenean musikariok, gure gizartearen parte ez diren kultura konkretu batzuk lantzen pasatzen diagu gure bizitzaren parte handi bat. Eta niretzat, musika guztiak dituk interesgarri eta inor ez bestea baino hobea”.


Horregatik zalantzak ditu, ea txapelketak edo kontserbatorioko ikasketak eta gauza horiek aipatu behar ote dituen bere burua aurkezteko, besteak beste, egungo proiekzio musikala oso bide desberdina delako eta inoren laguntza gabe egindako lan sakon eta gogorraren fruitu delako.


Hortaz, geratu gara esatekotan Tapia eta Leturiarekin egin duela, musika eskolatik aparte, ibilbide musikala, 2000 urtetik laukotea osatzen duela Tapia eta Leturia eta Arkaitz Minerrekin. Québec, Italia, Argentina, Uruguay eta munduko hamaika bazterretan ibili da kontzertuak ematen, baina bertako musika eta musikariak gertutik ezagutzearen aberasgarritasuna azpimarratu nahi du esperientzia horretatik.


Joseba Tapiak bakarka hasitako bidean ere laguntzaile du Txus, “Real Politik” azken lanean teklatuak eta eskusoinua gehitzen dio Tapiaren kantuei. Zenbait parte hartze txiki ere egin ditu, han-hemen, beste hainbat musikarirekin.



2007/03/11

Kontaktua



Gurekin harremanetan jartzeko idatzi helbide honetara eta ahal bezain azkar erantzungo dizugu:



edanasearte ABILDUA gmail PUNTU com



Poemak




Harrera

SOS deiak

Moduak eta moduak

Bi aldeetarik bakoitza


Bi aldeetarik bakoitza


Dena delakoa den bezala izanda ere,
arrazoi dute baietz esaten dutenek,
eta baita ezetz esaten dutenek ere.

Badakizu ilargiak ere bi alde dituela:
ezkutukoa da bat, agerikoa bestea,
eta ilargia ez da bi aldeetarik bakoitza,

baina ezta bien arteko batuketa soila ere.
Eta bizitzak eta heriotzak, elkarri lotuta,
vals hori bera dantzatzen dutela dirudi.

Moduak eta moduak


Igarotzeko moduak eta moduak daude:
igaro zintezke lainoen moduan,
txorien moduan edo hegazkinen moduan.

Haizeak bultzaturik igarotzen dira lainoak,
haizearen isurian igarotzen dira txoriak,
haizearen kontra igarotzen dira hegazkinak.

Denok hemendik igaro behar dugunez,
zeure modua hautatu behar duzu.

SOS deiak


Kolore bakarreko negarretan ari da telebista,
egunkariek aspertzeraino hitz egiten dutena
aspertzeraino entzuten dute irratiek sukaldean;
etxeko ate guztiak zabalik daude, haizea ari du,
ateak danba eta danba, etxean ez dago inor...

Komunikazioaren aroa deitu diote adituek,
baina muinora igo eta kearekin zeinuak
egiten jarraitzen du jendeak, laguntza eske.

Harrera


Hatoz honea politt'oi,
hartuko'zu te goxo bat,
bakit bide luzia in dezula honeaño,
baño ez da gutxiyo geatze' zaizuna.

Asko eskribittu zula esan diate.
Asko eskribitze'unak gaitza izate'u.
Zerbatte billatu nahi izate'u,
ta arkittu eziña.

Hatoz honea gixajo hoi,
ean te bero hau,
aurrena garratza iruittuko zaizu,
baño geo goxatu ta leunduko'a.

Ta zer da ba billa zabiltzana?
A! klaro,
jakingo bazenu etziñala hola ibilliko.
Hoik nekiak hartu ttutzunak!

Deskantsatu pixka'at,
asko ibilli biharko zu oaindik.
Bidia garratza iruittuko zaizu aurrena,
baño geo goxatu ta leunduko'a.