2007/10/31

Gure barriokoa

Azkenean auzoan aurkeztu dugu ikuskizuna. Sortze beretik genuen buruan Iñatzun (Ereñotzun), Jexux eta bion bizileku izan den herri-auzoan, aurkeztu behar genuela ikuskizuna, baina kontu bat eta beste, atzeratzen joan da eguna. Ondo halere, urtero egiten den Kultur Astean estreinatu baitugu. Esan dut urtero egiten dela Kultur Astea gure barrioan (hala esaten diogu guk askotan, barriyua). Partxis lehiaketa, proiekzioak, hitzaldiak, tailerren bat, ikuskizun bereziren bat, bertso afaria eta gaztain jatea egiten dira, ia urtero, beti zerbait berri antzekoa sartzen bada ere. Oso giro polita sortzen da barrioan, eta bestela inguratzen ez den jendea ere gerturatzen da egun horietan. Auzo guztiek behar lukete halako zerbait, esango nuke.

Ez genuen urduritzeko denborarik ere eduki. Musika aparatuak eta prestatu eta afaria jarri genuen Ur-Mia elkartean, han bertan eskaini behar baikenuen saioa. Hamar eta erdietan hastekoa zen eta, ordua jo, eta inor ez, salbu eta, poesiagatik baino, txuletaren baten usainean hurbildutako laupabost lagun. Gero denak batera etorri ziren eta, azkenerako, berrogeiren bat lagun, denak ezagunak, denak lagunak, elkartu ginen arte. Etxean jokatzearen abantailak. Uste genuen gu bion amak eta lagunen bat besterik ez zirela agertuko eta, tira, giro polita sortu zen azkenean, atsegina, goxoa.

Eseri ginen aulkietan, emanaldia hasteko, eta niri Atxagaren "Soinujolearen semea" etorri zitzaidan burura. Esplikatuko dut.

Soinujolearen semeak maite du galtzen ari den nekazal mundu hori, bertako izan nahi luke, baina ezin du, ez da hori bere mundua, beste leku bat egokitu zaio, eta arraildura horretan bizi da, nahi eta ezin horretan. Susmoa dut autobiografikotik asko dutela nobelako pasarteren batzuk. Alegia, Atxaga bizi izan dela arraildura horretan.

Ereñotzu Hernanitik Goizuetarako bidea hartu eta sei kilometrora dago, Urumearen bailara estu, zokoan. Aspalditik izan da abeltzain eta nekazari lurra, burdinola eta muga izateaz gainera (gertuago du Nafarroarekin muga, Hernaniko hiribildua baino). Han hazi ginen gu, baserritar hernaniarrentzat, kalekume aitonamonen begietara. Ereñotzun hazi eta Hernanira bizitzera etorri garenok ereñotzuar gara hernaniarrentzat, hernaniar ereñotzuarrentzat. Sentitzen dut nik ere arraildura hori, bizi dut bi munduen arteko eten hori, nolabait uztartzen saiatzen banaiz ere.
Adibidez, desbrozadora hartu eta sasia ebakitzen jardutea ez da poeta batentzako lana. Baina Ereñotzun poesia errezitaldi bat eskaintzea, esate baterako, ez da nekazari batentzako lana.

Poesia esaten dugunean, gauza zail, ulerkaitz, konplikatua datorkigu burura. Nola ulertuko dute poesia baserritar zantar horiek, hiritarrek ere ezin badute ulertu?

Uste dut horretarako nahi duela Atxagak Euskal Hiriaren mamu hori, jendea "kultoagoa" izan dadin, "liberalago", "irekiago". Tira, ez gara kontzeptu hauen antzutasunari buruz teman hasiko orain, nahi duenak ateak zabalik ditu datorren urteko udazkenean Ereñotzuko Kultur Astera etortzeko eta kulturmetroa pasatzeko.

Beraz Ereñotzun, guretzat duen karga sinboliko horrekin guztiarekin, poesia errezitaldi bat egitea... gauza berezia da. Eta hori dena etorri zitzaidan burura, hasi aurretik.

Eta, horrenbesterekin, gustora aritu ginen, gozo, esan bezala, halaxe hartu gintuzten eta. Ez dakit Euskal Hiriak hainbesteko abegirik eta berotasunik eskainiko ligukeen ez hango eta ez hemengo garenoi. Ardiak behintzat ederrago daude soroan, autoen ipurdian baino, eta gu ere halaxe. Larrekoak larrera nahi.

2007/10/08

Errenteriakoa

Bale, Orereta esan beharko nuke, baina gure amonak irakurriko balu, esango luke “zuen euskera berri hoi...”. Errenteriak badu, nire belarrientzat, Oreretak ez duen zerbait, eta nik kasu handia egiten diet musikaz ezer ez dakiten nire belarri txepel hauei. Barkatuko al didazue?!

Mikelazulokoek Poesiaren VII. astea antolatu dute eta bertan egin behar dugu saioa, azkenekoa, gainera. Juanbau eta Gorkak elkarrekin prestatu dutena ikusteko gogoa neukan, baita Koldo Izagirreren Rimmelen aurkezpena ere... Azkenean ez bat, ez beste, ez ezer. Besterenak antolatzen pasatzen dugu denbora eta besterenak ikusteko betarik ez dugu hartzen. Aitortuko dut hemen alfer samarra naizela, izugarri kostatzen zaidala, denbora librea neuretzat gorde nahi izaten dudala, enfin, aitzakia merke batzuk.

Saioa ondo joan da, lasaiago ibili gara. Azkoitikoa eta gero egin ditugun aldaketa txiki batzuekin, hobeto. Gu behintzat sentipen horrekin gelditu gara. Poema batzuk kendu eta musika eta hitzaren arteko uztarketa (sinbiosi?) estuago bat lortzen ahalegindu gara.

Onena, baina, saioaren osteko berbaldia izan da. Gure babeserako erabiltzen ditugun soinu tresnak, atrilak eta abar, baztertu eta, aurrez-aurre, bertaratu diren dozenaren bat lagunen aurrean biluztu gara, sekreturik gabe agertu. Oier Guillanek aipatu digu, poemak bere horretan irakurri zituelarik, ez zitzaizkiola gauza handirik iruditu (eskerrik asko Oier), baina musikarekin asko irabazten duela ikusgarriak. Neuk ere iritzi bera dut. Egia da. Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta iritzi eskasagoa dut idatzi dudanaz. Txusen musika eta jotzeko manera, berriz, oso bereziak dira; lehen ere esan dut, baina ez naiz aspertuko. Oso giro berezia sortzen du, suge liluratzaileek egiten dutenaren antzeko zer edo zer lortzen du. Batzuetan ez dakit ikusleen eta Txusen arteko traba opako bat ez ote naizen... Tira esajeratzen ariko naiz igual, baina honelako zerbait sentitzen dut behintzat.

Gaur ere dastatu dugu jaki gozorik. Saioa bukatutakoan afaltzera gelditu gara eta taillin (ez dakit horrela idazten den...) gozo-gozo bat jan dugu. Kono tankerako tapa bat duen lurrezko eltze batean jartzen dira jakiak, haragi edo eta berdurak, eta sutan paratzen da. Eltzearen beheko aldean egosteko denbora gehien behar duten jakiak ipintzen dira eta gero, pixkanaka, denbora gutxiago behar dutenak. Gu gustora aritu gara, gure adiskideak agian pixka bat aspertuta, aste osoan plater bera jaten aritu omen direlako egun bat bai eta hurrengoa ere bai.

Mikelazulokoek urtero antolatzen dute poesiaren astea, kalerik egin gabe. Badira oraindik gako ttiki batzuk, ez asko, hainbeste diskurtso garaileren artean galdera ttiki batzuk zintzilikatzen jarraitzeko. Animo eta eutsi eginari!

Azkoitikoa

Jexuxen autoan trasteak sartu eta hor abiatu gara Azkoitiara. Egia esango dizuet, ez nintzen oraindik sekula egon Azkoitian. Umetan agian, baina nire memoriaren mapetan ez da agertzen herri hau, beraz sekula egon ez banintz bezala. Noizbait behar zuen!

Igandea da, giro polita dago, jendea oraindik bigarren mailara jaitsi ez den Errealaren partidaren miran dago. Pilota partidak ere badira arrats honetan. Gure jokaldiek ez dutela ikusentzule askorik edukiko susmatzen dut. Ez kirol partida horiengatik bakarrik, bestela diot. Eta pereza ematen dit. Jendearen aurrean ari beharra gogorra egiten zait, beti ez da egun aproposa izaten horretarako, eta gaur ez daukat egun onik.

Erraz topatu dugu Matadeixe. Lekua ikusi, trasteak utzi, probaren bat egin eta herrira egin dugu Xabier Gantzarainekin. Zizerone lanak egin dizkigu eta edateko zerbait hartu dugu, solasean aritu gara, gustora, apur bat urduri, tamainan. Hasteko ordua bertan dela eta Arrabaletik itzuli gara Matadeixera. Pentsaketan aritu naiz, Azkoitiaren moduko herri baten Arrabalean nolako giroa egongo zen orain 20 urte, 50, 100...

Euskal Herria ez da Paris (esate baterako), pentsatu dut.

Matadeixera itzuli garenean familia etorri dela ikusi dugu, espero ez nuena. Bertakoekin, dozenaren bat lagun denera. Susmoa banuen eguraldi honek ez zigula mesederik egingo (norbaitenak behar du errua eta!).

Gustora aritu gara, baina pixka bat lotuta. Matadeixek badu eszenatoki polit bat, oso aproposa, baina guretzako altuegia iritzi diogu. Bukatutakoan konturatu gara publikoa gertuago behar dugula, eszenatokiak pulpitu tankera hartzen duela batzuetan, bertatik bertara aritzeko ikusgarria dela gurea. Hurrengo baterako, halakorik balego.

Luzeegi aritu garen, irudipen hori geratu zait niri, baina gero batekin eta bestearekin solasean, ezetz esan digute, ez dakit lasaiatzearren edo benetan. Onena, gero eskaini diguten afari-merienda izan da segur. Zain zuriak eta garbantzuaren irinez egindako patata tortilla, arrautzik gabeko arrautzopila. Barazkijale zorrotzek (abereetatik eratorritako jakiak ere jaten ez dituztenek, alegia) erabiltzen dute garbantzu irin hori, arrautzak ordezkatzeko. Bestela ere tradizio handia du herrialde musulmanetan. Interesagarria. Ez dakit guk probetxuzko ezer esan edo egingo genuen, baina guk behintzat ikasi dugu zerbait.

Bueltako bidaia ikusgarria hobetzeko egin beharko genituzkeen aldaketei buruz hizketan eta egin dugu. Gaua da Hernanira iritsi garenerako. Parranda giroa dago herrian, igandero bezala, autoak, argiak, gorputz gazteak. Ez dakit Errealak irabazi edo galdu egingo ote zuen, amildegira urrats bat gehiago emango ote zuen, ala salbaziora. Munduaren martxa arruntetik arrunt kanpo sentitzen naiz, pentsakizunetan murgilduta, albo batera apartatua, jokoz kanpo.

Matadeixe itxi nahi dutela esan digute gaur. Ez da lehen aldia, ez da lehen atea. Aspertuta gaude kontuokin, beti berdin ibili beharrarekin. Ezer egin ez, baina zerbait egiten duenari utzi ez, hori da gure herri bedeinkatu honetako kultur politika. Ez dakit Erreala bigarren dibisiora jaitsiko den aurten. Kulturgintzan aspaldi ari gara laugarren dibisioan.

Euskal Herria ez da Berlin (esate baterako), pentsatu dut.